2 bonus puntu, aukeran gutxitxo

Bigarren urtez jarraian, Ourenseko Campus Universitariok irabazi egin dio etxean Babyauto
Zarautz taldeari. Partida lehiatua izan zen oso, emozioz betea azken minutura arte.

Etxekoak arrapaladan atera ziren eta 2. minuturako lortu zituzten lehenengo 7 puntuak. 5.
minutuan defentsaren hutsunea baliatuta etorri ziren bigarren entsegua eta transformazioa.
Etxekoak sasoiko sentitu ziren. Babyauto Zarautz apur bat nahastuta zebilen, baina
borrokatzeko prest. Galizarrek ordea, bikain defendatu eta presionatu zuten, hirugarren
entsegua lortzeraino. 22. minutuan, hasiera ezin hobea etxekoentzat: 19-0.

Euskaldunak piztu eta etxekoei aurre egiten hasi ziren, duten armarik onena erabilita: aurrelari
indartsuak. Lana eta kemena behar izan zituzten kontrarioak 5eko marran sartzeko eta
orduantxe lortu zuen Mikel Larrañagak Babyautoren lehen entsegua. Xalbat Amilibiak
transformatu zuen segidan. Beltzak taldea, bazen nor. Beraiek agintzen zuten jokoan. Handik 4
minutura, Xalbatek zigor kolpea transformatu eta 32. minuturako 19-10 zihoazen.
Atsedenaldiaren aurretik, Xalbatek berak beste marka bat eta beste transformazio bat: 19-17,
eta jokuak beste tankera bat hartu zuen.

Bigarren zatia, lehenbizikoaren pare. Hasi orduko, etxekoek beste entsegu bat eta beste
transformazio bat lortu zituzten 26-17, 41. minutuan. Baina dordokaren taldea ez zegoen
partidari ihes egiten uzteko prest. Aurrelariek izugarrizko lana eginez erantzun zuten eta 22
metroko marra barruan presionatuz jokoa kontrolatzea lortu zuten. Arbitroari presio eginez
eskuratu zuten orduan zigor entsegua 63. minutuan: 26-24 eta Babyauto Zarautz partidari
buelta emateko prest. Izan ere, 3 minutura, gure 8-ak, Matias Botarinik lortu zuen entsegua eta
Xalbatek transformazioa. 26-31 eta etxeko zaleak, mutu.

Baina oraindik bazen astia eta zer erabakia ere bai eta etxekoek denak emanda, beste 2
entsegu eta transformazio lortu zituzten. 40-31 72. minutuan eta Beltzak ia etsita. Ia, baina ez
erabat eta oraindik izan zuten kemena aurkariak entsegu eremuan sartzeko eta presioaren
poderioz, beste zigor entsegu bat lortzeko. 40-38 eta amaiera.

2 Bonus puntuak, aukeran, gutxitxo. Ez dute asetzen egindako ahalegina, baina gaitz erdi,
hasiera kaskarra ikusita.